Zaintza deslokalizatua


Ez dut sarri ikusten EiTBko Kalaka saioa baina atzokoan 30 bat minutuz ari so geratu nintzen. Hainbat konturen eta iruzkinen artean batek deitu zidan arreta eta gaur hortaz hitz egin nahi nuen, zaintzaren deslokalizazioa.

Markos Zapiain-ek iradoki zuenean gaiaz ez baletor bezala guztiak isilik geratu ziren eta egia esan ez zen erraza izan esan nahi zuena gaiarekin lotzea baina interesgarria da. Markosek zioen gure heldu zein ezinduak zaintzeko batez ere etorri hegoamerikarra duten emakumeak ordaintzen ditugula. Honela hauen laztan eta zaintzak erosten ditugu eta bide batez eta ordainetan euren herrietan dituzten agure zein umeei laztan hauek gabe utzi. Diruagatik, beharrezko zaielako. Etikoa al da guk gutxiago ordaindu asmoz globalizazioa erabili eta euren sentimenduak deslokalizatzea? Nire ustez ez, eta hausnarketa sakona eskatzen duen gaia da gainera.

Badakigu Zerbitzu sozialek ez dutela behar genukeen ez maila ezta guztion beharrak hasetzeko adina langilerik, baina ezin dugu gizarte bezala onartu hegoamerikarrei miseria bat ordainduz guri ematea euren senideei kentzen dieguna. Honela zapaltzaile bihurtzen gara. Miseria horren destinatzaile eta adiskide.

1 iruzkin:

Anonymous said...

Txentxo, gurean dibortziatutakoen umeez ari ginenez, globalizazioak bereizitakoen umeak ere harira zetozen, gainditu beharra zegoen zilborkeria.

Filipinetan, esaterako, umeen %30 (8 milioi inguru) bizi da gutxienez gurasoetako bat atzerrian duela (ia denak AEBn; AEBko etorkin filipinoen %70 emakumea da; eta ia denak "care" edo "zaintza" arloan lan egiten dute (AEBn gaur egun langileen %20 "care" delakoari loturiko lanetan dabil, oroz lehen umeak, zaharrak eta eriak zaintzen).

Migratu behar izan duen amaren seme-alabak, ikaskideen aldean, maizago gaixotzen dira; sarriago daude amorratuta, nahastuta eta apatiko; eta emaitza akademiko bereziki kaxkarrak dituzte. Delinkuentzia eta suizidio infantila askoz ere maizago erabiltzen dituzte.

Datu horiek eta beste asko, liburu honetan:

GLOBAL WOMAN: Nannies, Maids, and Sex Workers in the New Economy, Edited by Barbara Ehrenreich and Arlie Russell Hochschild
Metropolitan Books, 2003.

Liburu horren iruzkin bat: http://www.yesmagazine.org/article.asp?ID=993